XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zientzia baldin bada, nolatan ezin du onarpen orokorrik eta iraupenezkorik lortu bestelako zientziek bezala?

Zientzia ez baldin bada, berriz, zergatik harropuzten da etengabe zientziaren itxurak eginez eta zergatik entretenitzen du giza adimena inoiz itzaltzen ez, baina inoiz betetzen ere ez diren itxaropenekin?

Demostra bedi horren zientzia edo ez-zientziatasuna, baina nolanahi ere zerbait segururik ere esan beharko da zientzia-usteko honen izaeraz, ba horrekin ez dago orain arte bezala luzaroago segitzerik.

Ia-ia barre egitekoa ere bada ikustea, nola beste edozein zientzia etengabe ari den aurreratzen, eta bitartean hau, jakinduria bera izan nahi duena eta gizaki orok kontsultatzen duen orakulua dena, nola beti toki berean jira eta buelta dabilen, pauso bat bera ere aurreratu gabe.

Oso urriturik dabiltza horren jarraitzaileak ere, eta ez da ikusten, beren burua beste zientzietan distiratzeko modukoa aurkitzen dutenek, beren fama sail honetan arriskatu nahi dutenik, izan ere hemen edozein ausartzen baita, gainerako gauza guztietan ezjakina izanda ere, judizio erabakiorra ematen, alor honetan oraindik ez baitago neurri eta pisu segururik, sakontasuna eta axaleko berriketak elkarrengandik bereizteko.

Erabat aditu gabea ere ez da, horratio, zientzia bat luzaro landu ondoren, eta bat harriturik dagoenean, ikusiz, zenbat aurreratu den bertan, azkenean bateonbati halaxe otu eta galdetzea, ea halako zientziarik posible ote den eta nolatan ote den posible.

Ba giza arrazoia hain da eraiki-zalea, ze hainbat aldiz egin baitu dorre bat eraiki eta berriro deseraiki, haren fundamentua nola egina ote dagoen ikusteko.

Inoiz ez da beranduegi arrazoizko eta jakintsu izaten hasteko; baina ezaguera berandu datorrenean, gero eta nekezago eta astunago egiten da hura martxan jartzea.

Zientzia bat benetan posible ote den galdetzeak aurresuposatzen du, duda egiten dela haren errealitateaz.

Baina duda horiek edozein iraintzen du, (...)